Non: Orduñan.
Etxean Skew-T diagrama baino ez dut ikusi. Gaur, Euskalmeteko webgunean Orduñako datuak ez dira agertu. XCskies-ek 16km/h-ko abiadura aurreikusten zuen. WhassAppa ixilik egon den arren ondo egon zitekeela uste izan dut eta, nahiz eta berandu izan 10:30 ondo pasata Orduñara jo dut.
Orduñako lurreratze gunean inortxo ere ez, goiko aparkalekuan ezta ere eta aireratze gunean berdin. Dena niretzat! Sinestezina!
Haizearen abiadura eta norabidea (Euskalmet-en arabera):
| GMT ordua | Abiadura | Norabidea | Abiadura max. | Sigma Ab | Sigma Nor. | Tenperatura | Hezetasuna | Euria | Irradiazioa
|
Orduñako datuak ez dira gaur agertu Euskalmenten. Ez du funtzionatu egun guztian. Haizearen abiaduraz ideiaren bat izateko hona hemen XCskies-ek aurreikusi duena.
Aireratzea: N42° 57.695' W3° 01.467'. Handik alhatzen ohi diren beheietako bat txarrantxaz alde honetara pasatu da eta ongi etorria eman dit aireratze gunera heltu naizenean. Belar mokadu gozoenak beretzat eta haize guztia niretzat esan dit; nahi be den-dena niretzat ez nukeen nahi izan: nire gustorako, haizearen indarra ere nire limitearen txarrantxaz beste aldean egon da eta. Bolada termikoak nabarmenak izan dira eta noiz baretuko zain egon naz. Lehenengo bi saialdietan parapenteak erauzi nau literalki lurretik eta metro erdi bat altzatu nau, nik kontrolatu ezinik. Bietan jausi naiz eta horietako batean eskumako eskumuturra pizkat ikutua geratu zait. Bigarren saialdiaren ostean behiaren arrastoa galdu dut erabat. Argi ikusi dut modu estandarrean nik ezingo nuela era kontrolatuan parapentea altzatu; beraz nire estilo zaharraren bertsio berria egin dut. Balazten heldu lekuak eskuetatik eskumuturreraino sartu ditut, biak. Gero eskumako eskuaz eskumako planoko A bandako lehen haria hartu dut, eta ezkerrekoaz plano berbereko C bandak. Honela, behar izan ditudanean, balaztak eskuetan izan ditut eskumuturretaraino pasatuta izan ditudalako eta parapentearen altzaldia kontrolatu ahal izan dut eskumako planoko A banda eskumako eskuan izanda, eta C banda ezkerreko eskuan. Modu naturalean atera zait eta funtzionatu du. Agian une horretan haizaren indarra txikiagoa izan da? ez dakit; baina hurrengorako badaukat metodo zahar-berritu eta hobetu bat.
Gorantz atera naiz, ez aurrerantz, zuzenean gorantz; halaxe zen haizearen indarra ta.
Google Earth-en ikusteko sakatu hemen. Deskargatuko da "kmz" motako fitxategi bat. Fitxategia zabalduz gero Google Earth-en ikusiko da 3 dimentsiotan hegalaldia.
Tamaina handiagoan ikusteko sakatu hemen
Altuerak eta abiadurak:
Altuera max.: 1460 m.
Igoera max.: 3,5 m/s
Hegalaldiaren datuak: Hemen.
Sentsazioa airean: Aireratze gunera heltzean pentsatu dut jada "disparatua" zegoela haizea eta agian ordu bete lehenago heltzea ez zatekeela denbora galtze izan. Aireratzea lortu dudanean argi ikusi dut baldintza termikoak politak zeudela. Banekien ere haizea iparretik zetorrela eta horrek oztopatuko zidala Birjinara heltzea.
Birjina iristeko lehen bi saialdietan kale egin dut. Lehengoan 1080 m-ko altueratik saiatu naiz ekialdeko paretari hurbilduz; emaitza eskasa: turbulentzia piloa eta altueraren galera nabarmena. Logikoa, baldin haizea iparretik bazetorren zeren eta pareta hori haizehabian geratzen delako. Bigarrenean 1130 m-ko altueratik eta oso separatuta paretatik, ipar-iparmendebaldeko norabideaz.
Orduan beste noranzkoan dagoen Ruben miradorera joatea erabaki dut. Hantxe 1309 m-ko altuera lortu dut, baina urrunen nengoen Birjinatik; 4 km-ra. Azeleradorea zapaldu dut (azeleradore berriaren ordez berriro dago zaharra montatuta) eta 800 m-ko altueraz heldu naiz Birjinazpira. Honetarako 8 min behar izan dut. Hortik aurrera labar horretan bermatuta altuera irabazten noan naiz.
Tologorriko bidea hartu dut. Eta gerotxoago Bedarbidetik, 1440 m-ko altueraz Tologorriko espoloirantz jo dut. 1050 m-ko altueraz heldu naiz Tologorripera.
Handik aurrera labarrak ekialde-mendebalde norabidea hartzen du; hau da iparretik zetorren aireari ondo aurre egiten dio.
Hurrengo espoloia Ungino da; erraz pasatu dut eta Eskutxin buelta eman dut.
Orduan hasi naiz hotza sentitzen eta hamarren puntak erdilotan nituen. Buelta azkarra izan da, haizeak bultzatuta. Kostatzen zitzaidan sinistean hantxe nengoela; niretzat paraje berri-berriak ziren. Euforiko egon nain. Orduñako hirira jo dut eta handik jada lurreratzera.
Lurreratzea: N42º 58.666W3º 1,0565. Kontzientziatu egin naiz ondo lurreratu behar nintzela. Eta halan izan da; aurrez zetorren haizeak lagunduta. Zutik eta kontent.
Oso konsziente nengoela sentitu dut (dena ikusi dut eta eskunarru pare bat ere topatu dut lurrean; baten batek han galduta).
Gero plegatzeko errutina, patxadaz itzalpean egin dut, azken sagarra jan eta gero. Ametsak ere betetzen dira sentitu dut.
Gogobetetasuna gainezka, parapentea, jada poltzan, sastraken artean gorde dut. Tertangako iturrira oinez joan naiz, hango ura edan eta nire boteila freskuriaz bete dut; hondino kotxea berreskuratu beharrean nengoen eta.
Aurreko eguneko kurban jarri naiz eta Orozkoko batek hart nau. Alejandro Valenciaren (kato) ezaguna. Oso gizon sinpatikoa. Mountain bikez eta parapenteaz aritu gara bidean; ibilbidea motza egin zait. Goian izen-abizenak esan dizkit eta nik nireak eman dizkiot. Nonbait, haizeak edo, berbak altzatu eta eroan ditu lurretik auskalo noraino; zeren eta erabat ahaztu ditut. Agian haizearen emozioa baretzean pausatuko dira, paper galduak egiten diren moduan eta ezustean ahoan agertuko zaizkit, norenak diren gogoratuz. Orduan horregatik ere irriparrea egingo dut.